Lantik S.A.M.P.-en Berrikuntzako zuzendaria (BFA /DFB)
Joera horiek sei makroindar dira, informazioaren teknologietatik eratorriak eta beste zenbait esparruri dagozkionak. Alde batetik, interakzioa, informazioa eta kalkulua daude, eta informatika modernoaren prozesu tradizionalak osatzen dituzte. Eta, bestetik, hiru esparru gehigarri daude, honako ideia honen aldekoak: negozioak teknologia bultzatzen du, eta ez alderantziz. Teknologiaren, ziberkonfiantzaren eta modernizazioaren negozioaren sektorea da.
1. joera
Kristalean zehar: enpresarako murgiltze Interneta
Urteetan zehar, mundu digitalarekin izandako lotura pantailen bidez gauzatu da, eta pantaila horiek gero eta txikiagoak izan dira. Orain, pantailen tamaina gehiago murriztea ezinezkoa dela dirudienean, paradigma erabiltzaileak murgiltzeko esperientzia birtualetara eramaten duten interface-etara aldatzen ari da. Interface horiek gero eta gehiago integratuko dira enpresa-tresna gisa. Konpainia batzuek “errealitate mugagabeak” eskaintzen dituen ahalmen berezien inguruan ereduak eraikitzen dituzten bitartean, beste batzuek murgiltzeko inguruak sortzen dituzte, enplegatuek eragiketak bizkorrago egiteko, lankidetzan aritzeko eta ikasteko.
2. joera
Adimen Artifizialera zabaltzea: AAko kideekiko konfiantza izaten ikastea
Egungo testuinguruan, non Adimen Artifizialeko tresnak gero eta estandarizatuago eta erosotuago dauden, AA bidez benetan bultzatutako enpresa konpetentziatik bereiziko duena, ziurrenik, honako hau izango da: prozesu guztiak erabiltzeko finkotasuna. Aintzat hartu beharreko funtsezko elementua konfiantza izango da. Makinek gizakien jarduerekin gero eta antzekoagoak diren zereginak bereganatzen dituzten heinean (zenbakien oinarrizko kalkulutik harago doaz, eta AAren bidez bereiztearen eta erabakiak hartzearen esparruaren barruan daude), enpresa munduak makinetan konfiantza izateari buruzko ulermen berria garatu beharko du.
3. joera
Hodeien gainetik: “multi-hodeiaren” kaosa menperatzea
“Multi-hodeia”-ren kudeaketa sinplifikatzeko, zenbait enpresa tresnak eta teknikak erabiltzen ari dira, inguru horien konplexutasuna murrizteko asmoarekin. Horrela, sarbidea ahalbidetzen ari dira ohiko zerbitzuetara, hala nola biltegiratzea eta konputazioa, AA, datuak, segurtasuna, eragiketak, gobernantza eta aplikazioen garapena eta txertaketa. Tresna horiek “metacloud” edo “supercloud” izena dute.
4. joera
Malgutasuna, gaitasunik onena: Esku-lan teknologikoa berrimajinatzea
Talentu teknologikoaren eskaintza mugatuaren ondorioz, erakundeak mundu-mailako lehiakortasunean murgilduta daude, eta ez dirudi lehiakortasun hori eten egingo denik. Aintzat hartuta teknologiak zein abiaduratan egiten duen aurrera, logikoa dirudi honako hau aurreratzea: gaitasun teknikoak zaharkituta geratuko dira urte gutxitan; beraz, egungo beharrak betetzeko kontratatzea ez da estrategia irabazlea epe luzean. Eskasian lehiatzea baino, lider adimentsuek talentuaren eskaintza abundantziaren ikuspuntutik ikusten dute, non trebetasun teknologikoa sortu, garatu eta eraldatu ahal den, eta, beraz, malgutasuna nagusi den, gehien baloratutako gaitasunetako bat izanik.
5. joera
Gugan konfiantza daukagu: arkitektura eta ekosistema deszentralizatuak
Blockchain bidez bultzatutako ekosistemak funtsezkoak bihurtzen ari dira, ez soilik kriptoaktiboak garatu eta monetizatzeko, baita konfiantza digitala sortzeko ere. Erakundeek blockchain-aren garrantzia ulertzen hasten diren heinean, ikusten dute alde interesatuen artean konfiantza lortzea onura nagusietako bat izan ahal dela; izan ere, konfiantza hori pertsona edo erakunde bakar batean jarri beharrean, erabiltzaileen komunitatean banatzen da.
6. joera
Konektatu eta hedatu: “mainframe”-aren modernizazioak bere puntu gorena lortu du
Eskala handiko sistema informatikoen arkitektura gehienak 1960ko hamarkadan ezarri ziren, baina bilakatzen jarraitzen dute. Ohiko edo indarreko sistema zentralak ezabatu beharrean, enpresak gero eta gehiago modernizatu eta handitu nahi dituzte, teknologia emergenteekin lotzeko. Horrela, prozesatzen dituzten datu masiboen aprobetxamendua handitzeaz gain, eraldaketa digitala bultzatzen da.
* https://www2.deloitte.com/us/en/insights/focus/tech-trends.html
Iritzia…
Valentin García Souto
Lantik S.A.M.P.-en Berrikuntzako zuzendaria (BFA / DFB)
Ezagutzaren gizartean aurrera egiten… Baita arriskuaren gizartean ere
Badirudi 2023. urte hau zoragarria izango dela zientziari, teknologiari eta berrikuntzari dagokienez. Azken urteetan ikusi dugu zeharkako teknologia berritzaileak sortu direla (hala nola adimen artifiziala edo teknologia kuantikoak); bada, badirudi teknologia horiek erabiltzen hasteko prozesuan aurrera egitea izango dela datozen hilabeteetako foku nagusia, teknologia horien gaitasun eraldatzaile globala aprobetxatzeari begira.
Bestalde, beste teknologia helduago batzuek aldatzen jarraituko dute. Errealitate birtualak, handituak edo mistoak aukera emango du biki digital aberastuekin eta murgiltzaileekin lan egiteko, eta jasangarritasun eta eraginkortasunean hobekuntzak egitea ahalbidetuko du; gainera, ingurune digital seguruetan ideia berriekin esperimentatu ahalko da. Aktiboak hodeian kudeatzeari dagokionez, denboraldi batez garrantzitsuena izan da mota desberdinetako cloud plataformek gure esku jartzen zituzten gaitasunei etekina ateratzea, baina hemendik aurrera joera nagusia izango da kudeaketa hori antolatzera eta honako hau ekiditea: batetik, teknologia horren operazio-kostuak handiagoak izatea eskaintzen dituen onura eztabaidaezinak baino; eta, bestetik, gure informazioa plataformen artean mugitzeak edo gordetzeak dakarren segurtasun-arriskuaren igoera onartezina izatea.
Normalean mainframe deitzen zaien sistema korporatiboei dagokienez, nire ustez, une hobeak izan dituzte. Badakit gero eta funtzionaltasun gehiago dituztela eta ez dut zalantzan jartzen daukaten sendotasun miresgarria, baina kostua handiegia da eta oso errepikakorra. Ez dugu ahaztu behar, gainera, sistema korporatibo zentralizatuak kode irekiko softwarean oinarritutako arkitektura irekien ordez aldatzen jakin duten erakundeek aukera izan dutela aurrekontua ohiko funtzio operatiboetatik berrikuntza bezalako jarduera estrategikoetara aldatzeko; hau da, orainaldian gastatzetik etorkizunean inbertitzera igaro dira.
Ikuspuntua aldatuz, tresna teknologiko erraztaileen (quantum, AI, blockchain, maninframe) aurrerapen aurreikusgarria gorabehera, uste dut beharrezkoa dela beste kontzeptu batzuk azpimarratzea, hala nola malgutasuna. Ziurrenik, gure erakundeetako talentua eta ahalegintzeko gaitasuna nola kudeatzen ditugun birplanteatu beharko genuke. Jakin behar dugu deszentralizazioa eta konfiantza funtsezko aktiboak direla mundu global honetan, non balio nagusia erraz kopia daitekeen kontzeptu ukiezin batek ematen duen: ezagutzak. Gure kultura (gure ohiturak) aldatu behar ditugu eta antolakuntza-modu eta –era berrietara zabaldu, gure gaitasunak handitzeko. Xedea da adimen kolektiboan konfiantza izatea eta hori aprobetxatzea, non dagoen albo batera utzita, eta, laburbilduz, gure erakundeei multzo fidagarriek, askotarikoek eta adimentsuek dakarten potentzia eskaintzea.
Ondorio gisa, esan genezake teknologiak eta enpresa-jarduerari aurre egiteko moduak aurrera egiten jarraitzen dutela. Horrek logikoa eman dezake, baina kontuan izanda etorkizuna etortzeke dagoela —eta, beraz, ezezaguna dela per se—, eta gizakion historia etengabe eboluzionatzen eta aldatzen dela, nire ustez, zenbait unetan, zientziaren muga lekualdatzeak, aurrerapen teknikoekin edo teknologikoekin batera, garrantzi handiagoko aldaketa sozialak egitea ahalbidetzen du.
Hasierara bueltatuz, iruditzen zait adimen artifizialaren gehiegizko erabilerak eta teknologia kuantikoak goiz erabiltzen hasteak oso eraldaketa garrantzitsua ahalbidetuko dutela, aurretik eraginik handiena izan duen eraldaketaren parekoa. Edo are garrantzitsuagoa. Eta eraldaketa hori egiteko abiadura ere bereziki handia izango da.
Kontua da zientziaren mugak mugitzen jarraitzen duela, eta, ohikoa denez, ezagutzaren gizartean aurrera egiten denean, arriskuaren gizartean ere aurrera egiten da. Ulertu behar dugu, bizi dugun aurrerapen zientifiko-teknologiko azeleratuaren testuinguruan, eta aintzat hartuta aurreikus daitezkeen aldaketen sakontasuna eta irismena, sortu ahal diren arriskuak aurreikusi behar ditugula eta aurrea hartu behar diegula. Ildo horretan, gizartearen alfabetatze zientifiko-teknologikoa hobetzea eta zientziari dagokionez kultua den gizarte bat —zentzu handikoa– izatea berme ezin hobeak izango dira gizadiaren eta gizadia bizi den ingurune naturalaren bilakaera jasangarria lortzeko. Izan ere, zientziak eta gizarteak elkarri eragiten diote.
Nire ustez, proiektu taldeetan etika- eta filosofia-ezagutzak dituzten pertsonak sartzeko unea da. Gutxienez, edozein motatako alborapenak izan ahal dituzten edo arrisku handia ekar dezaketen proiektuetan.