Irakurketa denbora: 6 minutu

Partekatu hemen:

Lucía Orberen iritzia irakurri
Petronorreko prozesu-ingeniaria

Digitalizazioa gero eta gehiago finkatuz doan neurrian eta milioika gailu berri konektatzen diren heinean, erakundeentzat datuen bolumen eskuragarriak modu esponentzialean egiten du gora. Datuei erreparatzea da enpresa-arrakastarako apustu berria, eta erakunde-mota guztiak eraldatzeko ahalmena du. Datuetan oinarritzeak esan nahi du horien balioa maximizatzea, eta baliabide nahiz produktu gisa tratatzea. Barneko eta kanpoko datuez ari gara. Lehenengoak erakundeak berak bezeroekin zein hornitzaileekin elkarrekintzan sortutako datuak dira. Bigarrenei dagokienez, negozio-prozesuekin lotuta daude, baina sistemetatik kanpo ageri dira.

Euskadiko industrian eraldaketa hori bultzatzea kritikoa da Europako lehiakideen aurrean abantailak sortzeko

Batetik, enpresa-erabaki kritikoak hartzeko oinarri modura erabili behar dira datuak. Xede horrez, metodo tradizionalen ordez (hala nola esperientzia edo sena) goi-mailako kalitateko analisi gardenak egitea ezinbestekoa da. Bestetik, datuek bezeroei zerbitzu berriak eskaintzeko aukera emango digute. Are gehiago, negozio-ildo berriak sortu ahalko ditugu.

Euskal enpresak oraindik ez dira aprobetxatzen ari informazio guztia eskuratzeak ematen duen berrikuntza-ahalmen guztia, Innobasquek egin duen Berrikuntzaren Pertzepzioari buruzko azterketa berriaren arabera. Galdetutako adituen % 57k uste du eraldaketa digitalak neurrizko ekarpena egiten diela gure enpresetako berrikuntza-prozesuei.

Pertzepzio hori arrazoizkoa da Europako egoera kontuan hartzen bada. 2019ko Ekonomia eta Gizarte Digitalaren Indizearen (DESI, ingelesezko siglak direla eta) arabera, manufaktura-sektoreek arlo digitalean intentsitate-maila txikiena dute, eta euskal ekonomian oso garrantzitsuak dira. Euskadiko industrian eraldaketa hori bultzatzea kritikoa da Europako lehiakideen aurrean abantailak sortzeko. Ildo horretan, Euskadiko IKT sektoreak erakundeen beharrei erantzuteko eta eraldaketa digitalean laguntzeko gai izan behar du.

Erakundeek datuek ematen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko, eremu guztietan kudeatu beharko dira, ekoizpenetik hasita erabilerara arte

Gure abiapuntua 2020an bizkortu zen trantsizioa da eta, besteak beste, COVID-19aren pandemiaren ondorioz gertatu zen bizkortze hori. Industria elektronikoak eta IKT zerbitzuen industriak urte horretan I+Gean 2018an baino % 21 gehiago gastatu zuen barnean, eta negozio-zifra % 50 altuagoa izan zen, nagusiki programazioko enpresek, aholkularitzak eta informatikarekin lotutako beste jarduera batzuek bultzatuta. Halaber, azpimarratzekoa da 2022an Euskadin sektorean jarduera duten enpresen kopurua % 5 gehitu dela, 2018ko datuarekin alderatuz gero.

Dena den, COVIDak askotan teknologien garapena bizkortu arren, benetan, eraldaketa digitalak heltzeko denbora behar du. Gartner aholkularitza-enpresaren estimazioen arabera, teknologia berri gehienak oraindik ez dira orokorrean erabiltzen ari, eta, ondorioz, ez dira baliorik sortzen ari.

Bestalde, gero eta garrantzi handiagoa du datuak kudeatzeak. Datuak ebaluatu, ekoitzi, kontsumitu eta kontrolatzean eta haiekin lotutako analisi-jardunean portaera egokiak hartzen direla bermatzeko antolaketa-funtzio eta -erantzukizun berriak sortzen ari dira. Hala, erakunde batzuek datuak kudeatzeko eta aztertzeko orduan erantzukizuneko lanpostuak sortzearen aldeko apustua egin dute. Dena den, enpresen % 40,2k bakarrik baiesten du rol hori arrakastatsua dela eta erakundean ondo ezarrita dagoela.

Duela gutxiko argitalpen batek datuetan oinarritutako erakundeek dituzten oztopoak azpimarratu ditu. Galdetutako exekutibo gehienen ustez, eragozpenik handiena kultur oztopoak dira. Ez da gai teknologikoa bakarrik, pertsonentzako erronka baizik.

Erakundeek datuek ematen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko, erakundearen eremu guztietan kudeatu beharko dira, ekoizpenetik hasita erabilerara arte. Ez da nahikoa izango beharrezko teknologia, gaitasunak eta trebeziak izatea. Erakundearen azpian dauden sinesmen eta portaeren gainean jardun beharko da. Hau da, erakundearen beraren kulturan.

Aldi berean, nahitaezkoa da politika publikoak bultzada ematea. Aurrekoari eutsiz, Europar Batasunak Digital Transformation – Cost of Non Europe azterketa egin du berriki eta, besteak beste, Batasunaren esparruan garatu behar diren politikak bildu ditu. Laburbilduz, hiru aukera daude: teknologia digitaletan konfiantza areagotzea, eraldaketa digitalerako I+G+b-a indartzea eta eremu horretan ETEetarako berezko politika garatzea.

Eusko Jaurlaritzaren politika orientabide horiekin lerrokatzen da, “Datuaren Ekonomia” proiektu berrian islatzen den bezala. Proiektu horrek datuaren ekosistema sortzea planteatzen du. Industriaren sektoreari erreparatzen dio, eta helburua da 2021. eta 2024. urteen artean industria eta zerbitzu aurreratuetan BPG-aren % 40 gainditzea. Neurri horiek España Digital 2025 planak indartuko ditu, ETEak digitalizatzen 5.000 milioi euro inbertitzea aurrez ikusten baitu eta industriaren sektorerako berariazko programak baititu. Gainera, Europako Batzordeak neurri estrategiko osagarriak abian jarri ditu, hala nola datu pertsonalak eta ez-pertsonalak seguru trukatzeko esparrua ezartzea (Data Act eta Data Governance Act), Digital Europe programa edo “Skills4SMEs” ekimena ETEak etengabe gaitu eta prestatzeko.

Horrenbestez, erakunde baten garapena datuetan oinarritzeko funtsezko hiru elementu daude: teknologia digitalen garrantzi estrategikoa onartzen duen industriaren sektorea, IKT sektore bikaina garatzea eta bultzada politikoa.

Trantsizio digitalak benetan berrikuntza bizkortzen eta hazkuntza-, lehiakortasun- eta produktibitate-bide berriak sortzen laguntzeko oinarrizkoak izango dira, batetik, administrazio guztiek tresna horiek arin garatzea eta, bestetik, euskal enpresa-ehunak tresna horiek aprobetxatzeko ahalmena izatea.

  • Talentua, kultura eta teknologia datuen potentzialik handiena ateratzeko

    Ez zarete harrituko eraldaketa digitalaren aroan bizi garela esaten badizuet; zenbatetan entzun duzue? Ziur ez direla gutxi. 2010ean, Eric Schmidt Googleren CEOak pertsona asko harritu zituen honako hau esan zuenean: “zibilizazioaren hasieratik 2003ra arte, bost datu-exabyte sortu ziren. Kopuru hori bera sortu zen azken hiru egunetan”. Zifra horiek oso labur geratzen dira aintzat hartzen badugu IDCk eta Seagate-k 2020an egindako Rethink Data ikerketak aurreikusten duela 2025erako datuen sorrera 175 zettabytekoa izango dela.

    2006an, Clive Humby matematikari ingelesak esan zuen “datuak petrolio berria direla”; horren bidez, datuak gure bizitzak eraldatzeko duen gaitasunari erreferentzia egin zion, iraganean petrolioak egin zuen moduan; izan ere, gure etxeetan, lantokietan eta kontsumitzen dugun erregaian erabiltzen dugun energiaren iturri nagusia da. Hamar urte beranduago, 2017ko maiatzaren 6an, The Economist aldizkariak Amazon, Google, Microsoft, Facebook, Uber eta Tesla izenak zituen petrolio-plataforma bat erakusten zuen irudia argitaratu zuen, honako hau esanez: “munduko baliabiderik baliotsuena ez da petrolioa, datuak baizik”.

    Konparaketa ezin zen zuzenagoa izan: konpainia energetikoak hasia ziren munduko enpresa liderrak izateari uzten, eta datuetan oinarritutako goi-mailako teknologietako produktuak eta zerbitzuak sortzen oinarritzen zen ardatz nagusia zutenak gero eta indartsuagoak bihurtzen ari ziren. Negozioaren zifrak argiak dira. Gaur egun, enpresa horiek arrakasta izaten jarraitzen dute zerbitzuen erabileran eta salmentan. Negozioak eraldatzeko datuetara bideratzean egindako apustu estrategikoa merkataritza-eskoletan eta unibertsitateetan ikasten da.

    Datuak balioa gehitzen du negozio-aktibo gisa, baina ez da nahikoa datuen kantitate handiak jaso eta biltegiratzeko. Inpaktu positiboa izan behar du emaitzetan. Hori ez da lan erraza, eta hor “datuzentrismoaren” giltzarria aurkitzen dugu; tradizionalki datu horiek konpainia bakoitzeko teknikariek aztertu eta interpretatu dituzte. Hala ere, orain analisi-geruza berria dugu teknologia digitalen kalkulu-motorrei esker. Orain erronka hirukoitza da; izan ere, datuak enpresan eragina izateko modu desberdinean biltegiratu, eraldatu eta manipulatu behar izateaz gain, teknologia berriek gaitasun osoa lortu ahal izateko egokitu behar ditugu.

    Funtsezko lehenengo alderdia talentua da, eta, zehazki, pertsonak. Lan egiteko modua aldatzen ari da, eta, teknologia berrietara egokitzeko prestakuntza- eta egokitze-planak sustatzea beharrezkoa den arren, ez da nahikoa. Enpresek informazioaren teknologien eta datuaren ustiapenaren esparruan espezializatutako gero eta diziplina anitzeko lan-profil gehiago eskatzen dituzte, hala nola chief data officer, data engineer edo data scientist.

    Bestalde, talentua kudeatzeko taldeek sortzaileak izan behar dute, langileek bat egin dezaten aldaketarekin modu proaktiboan, eta erakundeak ere laguntza eman dezan. Gure enpresan programa berri bat ari gara prestatzen: saio teorikoak eta parte‑hartzaile bakoitzaren negozio-unitatearen erabilera-kasu erreal baten azterketa batzen ditu.

    Guk ariketa hori egiten dugu datu-sorta erreal batekin; datuak nola atera eta tratatzen diren ulertzen dugu, eta zenbait machine learning metodo probatzen ditugu, ulertzeko zein metodo mota egokitzen den landu nahi dugun erronkara. Ariketa horren bidez, erronkara hurbiltzen gara ohikoaren aldean erabat desberdina den ikuspegi batetik, eta aldaketa-testuinguru honetan beharrezkoak diren profil berrien tokian jartzen gara. Gure ustez, datuan oinarritutako enpresa bihurtzeko, datuan oinarritutako langileak behar ditugu, eta, horretarako, prestakuntza, ikuspegi zabala eta prestakuntza tradizionaletik aldentzea oso aberasgarriak izan daitezke.

    Programa horren bidez, ikasi geunen rol berri horien gaitasunek gure eguneroko lana aberasten duela, eta lankidetzan eta sinergien bilaketan oinarritutako eredu bat arrakastatsua izan daiteke aldaketaren katalizatzaile bihurtzeko.

    Funtsezko beste kontu bat teknologia da: ukaezina da teknologiaren arloko garapena eta inbertsioa funtsezkoak direla datua behar bezala kudeatu eta erabiltzeko bizi-ziklo osoan. Sentsorizaziotik, konektagarritasunetik eta bilketatik (adimen artifizialaren eta beste abangoardiako teknologia batzuen bidezko analisitik igarota) ustiapen eta komunikazio partekatu eta segurura, argi eta garbi definitutako datua zaintzeko eredu batekin.

    Euskadin komunitate teknologiko kohesionatua dugu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea, non enpresa askok parte hartzen duten enpresako I+G unitateen bidez. Halaber, lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da gaikuntza teknologikoa eta enpresako I+G sustatzeko.

    Azken finean, datuen potentziala aprobetxatzea onuragarria da enpresa‑lehiakortasunerako. Gizarte konektatu eta digital honetan geroz eta datu gehiago ditugu eskuragarri, eta teknologiaren laguntza behar dugu balio gehiago emateko eta zerbitzu eta produktu berriak sortzeko. Herritar eta gure erakundeetako langile gisa, gai izango gara aldaketa hori sustatzeko gure gaitasun digitalak hobetzeko tresnak baditugu eta lan egiten badugu aberasteko ikuspuntu berriak lortzeko.

    Hala ere, oraindik bide luzea dugu aurretik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko trantsizio digitalak, teknologiak eta pertsonen gaikuntzak ematen dizkiguten aukerei, baita horrek Euskadiko enpresen negozio-ereduei eman ahal dieten balioari ere. Benetan uste dut gai garela hori lortzeko, eta argia da datuetan oinarritutako erakunde izatearen aldeko apustua. Hori gai, pertsonok izan behar dugu aldaketaren katalizatzaile.

Déjanos tus comentarios en:

Linkedin