Irakurketa denbora: 10 minutu

Partekatu hemen:

Diego Herreroren iritzia irakurri
Tubacex-eko Berrikuntzako zuzendaria

COVID-19aren krisiak aurretik antzematen genuen krisia areagotu du; hots, Europak  Estatu Batuetatik edo Txinatik datozen teknologien menpe dago, txertoen garapenaren eta adimen artifizialaren kasuan, adibidez.

Baina, zer da subiranotasun teknologikoa? STOAk (Panel for the Future of Science and Technology) “Key Enabling Technologies for Europe´s technological sovereignty” txostenean honela definitu zuen: “Europak duen gaitasuna Europako herritarren ongizaterako eta enpresen oparotasunerako beharrezkoak diren teknologia kritikoak garatzeko, erosteko, babesteko eta mantentzeko, eta, ingurune globalizatuan era independentean jarduteko eta erabakitzeko gaitasuna”. Hau da, ez da teknologien garatze eta ikertze hutsa soilik, lidergo‑egoeran merkaturatu behar dira eta talentu kualifikatuari eusten diogula bermatzen duten gaitasunak mantendu behar ditugu.

Europak oinarrizko arlo jakin batzuetan hobeto lehiatzeko duen premia nabaria da, eta, horretarako, subiranotasun teknologikoak erantzuna eman beharko lioke. Era berean, gaur egun EEBBen eta Txinaren aurrean galdu dugun lekua irabazten lagundu beharko liguke, baina, hori lortzeko, egungo eta etorkizunerako lehiakortasunari lotutako hainbat erronkari edo mehatxuri aurre egin beharko diegu:

1. Baliabide eta lehengai falta

Europan produktuak eta teknologiak garatzeko beharrezkoak diren baliabide kritiko edo lehengai ugari eskuratzeko hirugarren herrialdeen menpe gaude.

Lehengai‑fluxua eta egungo hornikuntza‑arriskuak gako diren hainbat teknologietarako eta sektoretarako

Horri dagokionez, EBak lehentasunezko eremuetan duten eragina kontuan hartuta, KETei (“Key Enabling Technologies”)* lotutako mendekotasunetan jarri du fokua.

2. Europakoak ez diren hornitzaileekiko mendekotasuna

Europako fabrikatzaileen balio‑kateetan ezinbestekoak diren zati eta produktuen hornitzaileekiko mendekotasuna ere agerikoa da.
EBko mendekotasunak
  • Txina: goi‑teknologiako produktuak (makinen atalak, produktu medikoak, telekomunikazioak, optika‑tresnak, …)
  • EEBB: goi-teknologiako produktuak (motorrak, produktu elektrikoak, aeroespaziala, diagnostikoa, …)
  • Errusia: lehengaiak (metalak, gasa eta petrolioa, ikatza, nikel, …)
  • Erresuma Batua: Kontuan hartu diren material eta produktu gehienak

3. Gaitasun esanguratsuen falta

Europak STEM delakoari lotutako gaitasun‑defizita du, besteak beste, Txina edo EEBBekin alderatzen badugu.

EU27k gako diren teknologien arloan egindako lana, EEBB, Txina eta Japoniarekin alderatuta.
EU27k gako diren teknologien arloan egindako lana, EEBB, Txina eta Japoniarekin alderatuta.

4. Ikerketaren emaitzak merkaturatzea

EBk zerrendaren amaieran jarraitzen du ikerketaren emaitzak merkaturatzeari eta emaitza horiek Europan gordetzeari dagokionez.

EU27k gako diren teknologien arloan egindako lana, EEBB, Txina eta Japoniarekin alderatuta.

Aipatutako erronkei erreparatuta, Europak subiranotasun teknologikoa lortzeko premia erraz ulertu daiteke. Eta hori argi geratu da mezu politikoetan.

Hala ere, ez dago argi gaia nola jorratuko den Europan edo diskurtso politikoak ekintza zehatz nola bihurtuko diren; izan ere, protekzionismo‑jarrerak (Europako eta bertako enpresak egungoa baino lehiakortasun-posizio okerragoetara eramango ditu) eta irekiera‑jarrerak aurrez aurre jartzen ditu (orain arte Ikerketarako eta Berrikuntzarako Batzordeak defendatu ditu).

Laburbilduz, eztabaidak jarraitzen du. Bruselan jorratzen den arren, gaiak hemen ere eragina du:

Lehentasuna lortuko duten ekintzek eta teknologiek gure interesekin bat egin dezakete (edo ez); sortzen diren (edo sortzen ez diren) plataformek gure zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako eragileak hartu ditzakete barne, beste herrialde batzuekin sortuko diren “mugek” gure harremanetan eragina izan dezakete,…

Hausnarketarako gaiak, zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistema eta banakako enpresa gisa:

  • Jakinaren gainean gaude eta gaiaren inguruan sortzen diren eztabaidak jarraitzen ditugu?
  • Eztabaida horietan parte hartzen duten eragileengan eragina izaten saiatzen gara?
  • Eztabaida horietan ordezkaritza dugu?
  • Zeintzuk dira gure alde indartsuak eta ahulak KETak garatzean eta aplikatzean?
  • Zenbateko menpekotasuna dugu material eta produktu kritikoekiko? Saiatu gara menpekotasun hori murrizten?
  • Garatu eta erosi/sartu beharreko teknologien arteko oreka lortu dezakegu horiei buruzko jakintza garatzen badugu eta enpresen xurgapen‑gaitasuna hobetzen badugu?
* fabrikazio aurreratua, (nano)material aurreratuak, bizi‑zientzietako teknologiak, mikro/nano elektronika eta fotonika, adimen artifiziala eta segurtasun‑ eta konektibitate‑teknologiak
  • Europak dituen erronken garrantzia eztabaidaezina da, eta erronka horiek subiranotasun teknologikoaren eztabaidaren jatorrian daude. Hala ere, horrek ez gintuzke eraman behar elite politikoaren neurrigabeko boterearen anbizioa elikatzen duten ondorioetara, edo dena planifikatu eta kontrolatu nahi izateko joerara.

    Bestalde, ezin da aurreikusi gizarteak nola onartuko dituen ondorio horiek; izan ere, pandemia osteko une honetan gobernuekiko konfiantza asko murriztu da eta beren irizpideak zalantzan jartzen dira (ongizate komuna, emaitza zientifikoak…). Irizpide horietan oinarritu ziren herritarren askatasunak moztu zituzten eta bizi-baliabideak hautsi zituzten zenbait erabaki hartzeko, eta, horien ondorioz, pobretzea azkartu zen. Eta erabakiok sortutako inflazioaren eragina ikusteke dago.

    Beharrezkoa da subiranotasun teknologikoari eta beste gai batzuei (hala nola klima‑aldaketa) askatasun pertsonalak erdigunean jarrita eta desberdinkeria handiagoa sustatzen ez duten ongizate-baldintzak mantenduta heltzea. Banakakoaren ikuspuntutik teknologiak kontrako bi aurpegi dauzka. Alde batetik, norbanakoa ahalduntzen du, eta gauza gehiago egiteko aukera ematen dio, ahalegin txikiagoa eginda. Hau da, zentzu askotan, bere bizitza kudeatzeko estatuekiko mendekotasuna murrizten du. Bestalde, gizarte-kontrolerako eta planifikazio zentralizaturako estatuen ahalmena handitzen du, eta norbanakoak izan ahalko lukeen askatasun handiagoko eragina indargabetzen du. Gertatzen ari diren gizarte‑aldaketa handien aurrean, arriskua dago estatuek defendatzeko tentazioa izateko, botere-egiturak mantentzeko asmoarekin, eta, xede horrez, askatasunak kontrolatu eta zerga-bilketa handitu ahal dituzte.

    Horren guztiaren paradigma Txina da. Bertan, gizarte-kontrola oso maila altuetara heldu da, baina, bestalde, herrialdearen arrakasta- eta nagusitasun-irudia eman nahi dute, eta oso errespetu txikia dute “haiena ez denarekiko”. Beste blokeen (AEB eta Europa) defentsa legitimoa ez litzateke oinarritu behar Txinaren printzipio eta baloreetan, baizik eta pertsonaren askatasunean oinarritutako berezko balioen defentsan.

    Subiranotasun teknologikoari eta herrialdeek egindako apustu teknologikoei buruzko hausnarketa egitean, aintzat hartu beharko genituzke Peter Thielen eta Elon Musken hausnarketak. Lehenengoak duela gutxi esan zuen adimen artifiziala teknologia komunista dela, eta bitcoina, berriz, kapitalista dela. Lehenengoak elite sozial baten nagusitasuna ahalbidetzen du eta super-organismo baten planifikazio zentralizatua askoz eraginkorragoa bihurtzen du. Bigarrenak deszentralizazio osoa eta bitartekarien eta gobernuen independentzia ahalbidetzen ditu. Bestalde, Elon Muskek esan zuen adimen artifiziala dela gizakiaren mehatxurik handiena eta bere mendekotasun-potentzialak ez duela mugarik epe luzean. Hortik aurrera, herrialde askok adimen artifizialeko potentzia bihurtzeko interesari buruzko ikuspuntua desberdina bilakatu daiteke, bitcoina kritikatzen eta mugatzen den bitartean.

    Horrez gain, geure buruari galdetu beharko diogu ea gobernuak gehiago oinarritzen ari diren boterearekin lotutako teknologietan (adimen artifiziala, energia, robotika…), gizarteari balio gehien eman diezaioketen erronketan baino (hala nola osasuna eta zahartzea atzeratzearekin zerikusia duen guztia).

    Subiranotasuna bilatzen den beste esparru bat honako hau da: erdieroaleak. Horiek dira datuen kudeaketa masiborako oinarria, eta, noski, adimen artifiziala garatzeko oinarria.

    Honako hau gertatzen da: diseinuko teknologia, funtsean, Amerikan egiten da, produktu aurreratuenen fabrikazioko teknologia Europan (lizentzia amerikar batzuen menpe) eta mikrotxip gehienak Taiwanen eta Hego Korean produzitzen dira. Alor horretan inork ez du subiranotasun teknologikoa, merkatua eta teknologia oso modu eraginkorrean garatu dira, eta balio handia ekarri dute gizakientzat. Hala ere, beldurra sortu da, multzo batek besteak blokeatu ahal dituelakoan beren esku ez dagoen eremuan.

    Europak lidergo berritzailean aurre egiten dituen erronka desberdinetan sakontzen dugunean, ikusten da gobernuek eta aurrekontu publikoek gero eta pisu handiagoa dutela eta hezteko modua eta gizarteak berrikuntzarekiko eta etorkizuneko erronkekiko dauzkan baloreak eta jarrera ahulak direla. Ez da STEM titulatuen kopuruarekin lotutako arazoa soilik (Einstein edo Elon Musk bat besterik ez da behar mundua ikusteko modua aldatzeko), mentalitate arazoa da.

    Subiranotasun teknologikoan sartu baino lehen, norbanakoaren subiranotasunean aurrerapen handia egin beharko genuke.

    Orain Euskadiri erreparatzen badiogu, hainbat galdera bururatzen zaizkit, eta horien erantzunak eztabaidagai izan daitezke. Hona hemen nireak:

    • Gizarte-unitate gisa behar bezain garrantzitsuak gara material kritikoei eta garapen teknologikoari dagokionez paper garrantzitsua izateko? Lehenengoari dagokionez, argi dago ezetz, eta bigarrenari dagokionez, oraintxe bertan ez.
    • Elon Muskek arrakasta izango zukeen Euskadin? Edo Peter Thielek? Edo Steve Jobsek? Ez dut uste, gure ekosistema berritzailea zurruna delako eta interkonexio txikia duelako. Gainera, gure kulturak eta heziketak ez du arriskuak hartzea edo porrotak izatea laguntzen. Eta gure sistema ekonomikoak ezta ere.
    • Elon Muski edo besteren bati gustatuko litzaioke Euskadira etortzea edo hemen bizitzea? Ziurrenik aspertuko liratekeela… baldin eta ez badira Athletic futbol‑taldearen zale (barkatu, umore-puntu bat eman nahi nion apur bat tristea izaten ari zen egoera honi).
    • Gobernu eta planifikazio gehiago behar dugu, edo norbanakoaren ekimenerako eta ekimen-askatasuneko ahalmen handiagoa? Zalantza barik, bigarrena.
    • Gizarte gisa, garapen teknologikoko inbertsio handiak egiteko behar bezain produktiboak gara? Ez, zor handiak onartu barik.

    Ez dut ikuspuntu ezkorra eman nahi, iritzi pertsonala baizik; izan ere, uste dut bide okerra hartzen ari garela, baina oraindik norabidea aldatu dezakegula.

Utzi zure iruzkinak

Linkedinen